Gau beltza
EGITARAUA
Urriak 31
18:00
Tailerrak Lamuza parkean: Beldurrezko makillajea eta kondairak, zirien jolasak eta kalabaza hustuketa*
*Norberak bere kalabaza ekar dezala!
19:30
Beldurrak uxatzeko kalejira parketik
...ondoren plazan txokolatada
Gau beltzeko azken ekarpenak
Egunerokotasunarekin hautsi eta bestelako bizipenak izateko aukera eskaintzen digute jaiek. Elkarrekin ospatuta, ginera, kohesio soziala indartzeko tresna baliotsua dira, komunitatea sortzekoa.
MOZORROETARAKO IDEIAK
Mozorroen inguruan, hamaika aukera aurki ditzakegu. Proposamena, etxean ditugun gauza ezberdinekin mozorroa osatzea da, laguntzeko, argazki batzuk jarri ditugu:
MAKILLAJE IDEIAK
Makillajean aukera ezberdinak aurkituko ditugu. Ideia ezberdinak jaso ditugu azpiko argazkietan, bi margo kolorerekin erraz egiteko aukera eskaintzen digute:
KALABAZA TAILERRA
1) Lehenik, kalabazaren aurpegia non egingo dugun aukeratuko dugu. Jarraian, kalabazaren goiko tapa mozteari ekingo diogu, betiere kontuz egiten dugula, ez mozteko, ez gu ezta kalabaza nahi ez dugun lekutik.
2) Kalabazaren txapela kendu dezakegunean, barneak husten hasiko gara, horretarako, eskuak erabili ditzakegu. Gainera, topatuko ditugun haziak, egunkari paperean lehortzen uzten baditugu, hurrengo udaberrian, kalabaza landareak ereiteko erabili ditzakegu.
3) Barneak hutsik dugularik, garbitu dezakegu. Ostean, aurpegiari forma ematera pasako gara, norbere gustuen arabera, aurpegi beldurgarria jar diezaiokegu kalabazari.
4) Bukatzeko, kalabaza pixka bat gehiago garbitu dezakegu, barruan kandela pizturik sartu, txapela jarri eta gune ilun bat argiztatzeko erabiltzeko prest dugu gure kalabaza.
PROPOSAMENAK
DOKUMENTALA
Izenburua: Gau beltza dokumentala
Egileak: Euskaltzaleen Topagunea (gaubeltza.eus)
Kalabazak hustu, kandelak piztu... Gau beltza urriaren 31ren bueltan ospatzen da Euskal Herrian. Ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri. Euskaltzaleen Topagunea Gau beltza zabaltzeko aukuilu lanetan dabil. Eta zuek, zer ospatzen duzue?
KANTUAK
Izenburua: Arimen gaua, xanduli manduli
Egileak: Aiaraldea ekintzen faktoria
Xanduli manduli, eman jatekoak guri! bezalako eske-katuak jasotzen ditu kantak. Ukitu gaurkotuarekin, urteko gaurik beldurgarriena girotzeko soinu banda ezin hobea.
KANTUAK
Izenburua: Arimen gaua
Egileak: KatxiporretaTB - Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Beltza da gaua, denok kandelak piztu
gaztainak erre ta kalabazak hustu
izarak jantzi, mamu zaharrak berpiztu.
Katu beltza ari da, miau ta miau
ai, oi, ene beldurrak harrapatu nau
gau osoa ez lege ez arau
oihu ta alarau.
Zer emango zenuke zure arimaren truke?
LIBURUAK
Izenburua: Gau beltza
Argitaletxea: Txalaparta
Egileak: Josu Ozaita eta Joseba Larretxe
Anari amorratua dago, etxean ez baita giro: Halloween ospatu nahiko luke, baina amak ezetz dio, jai arrotza dela eta ez duela balio onik sustatzen. Bere inguruan giroa txartzen denean, Anarik itsasoa du ihesbide; bertan lortzen du bakea, surfa lagun. Azkenaldian maiz itsasoratzen da. Ez du etsiko, ordea, eta eskolako lan baten ondorioz, aitonak kontatuko dio umetan haiek ere ospatzen zutela antzeko egun bat, eta kalabazak lapurtzen, apaintzen eta herriko hainbat txokotan uzten zituztela. Auzoak beldurtzeko bihurrikeria bat zen. Anarik irrikaz lotuko ditu hariak, eta lagunekin batera gaurkotuko dute arbasoen ohitura bat: Gau beltza.
LIBURUAK
Izenburua: Gau Beltza eta ahanzturaren pasabidea
Argitaletxea: Begiko
Egilea: Lur Gallastegi eta Pili Aguado
Amets eta bere lagunak irrikaz daude beste urte batez Gau Beltza ospatzeko. Baina aurtengoa ezberdina izango da. Hildakoak bizidunen mundura igaro nahian dabiltza. Abentura zirraragarriak biziko dituzte gazte hauek, eta zu bizipen horien lekuko zuzena izango zara.
IPUINAK
Izenburua: Gau Beltza
Argitaletxea: Lezoko udala
Egileak: Edurne Mitxeo eta Kepa Etxebarria
Duela 100 urte Gipuzkoako Lezo herrian kokatua dago eta hasieratik amaiera arte, ikasgai baliotsu bat ematen digu. Orrialde bakoitza testu bat eta akuarela ilustrazio original batekin batera doa.
Ipuin honen helburuetako bat, urriaren 31n ospatzen den festaren JATORRIA eta ZERGATIA gogoratzea da.
Bestea, haurrei heriotzari buruz modu atsegin eta magiko batean hitz egin ahal izatea. Azken batez, beste ikuspuntu batetik ulertaraztea alde egin dutenek, ez dutela betirako egin.