ELKARRIZKETA | Felix Pikatza arotzarekin solastu gara
Felix Pikatza arotzarekin batu gara eta gai ugari ikutu ditugu elkarrizketa labur bezain emankorrean: Felixen ibilbidea, Kalaka jokuak eta baita hezkuntza ere, dena egur artean.
Noiz eta nola hasi zen Kalaka jokuak?
Kalaka Jokuak 2012-2013 tarte horretan hasi zen behar bat asetzeko; nire semeen beharrak asetzeko eta nireak ere bai. Azkenean, tailerra izanda egurrezko jolasak ikusi nituen Europa aldetik eta handik hartu nuen ideia.
11 urte dituzunetik izan duzu zura bidelagun, ez da hala?
Txikitatik betidanik gustatu izan zait zura, parkean kalean edo edozein tokitan egurrak hartu eta labanatxoarekin zeozer egiten nuen. Lehen asko egiten zen egurrarekin; tiratxinasak, goitibeherak, gero txabolak eta dena zen egurra, azkenean guretzat hurbilen zegoen materiala zen. Eta handik harrezkero hasi nintzen hainbat eskoletan, bata bestea baino txarrago, eta azkenean bukatu nuen Amurrioko Reforren, han zegoelako aroztegia, eta han ekin nion ikasketa arautu bati. Gero, hasi nintzen taila munduan, eskulturan, eta Italian ere eman nituen urte batzuk lanean eskultore eta restauratzaile moduan. Gero, etorri nintzen hona tailerrera, eta bertan montatu nuen eskultura edo arozgintzako tailer bat. Gaur egun hori alde batera daukat utzita eta gehienbat egiten dut eskolentzako materiala eta egurrezko jolasak ere zerbitzu moduan eskaintzeko plazaz plaza.
Lanean hasi baino lehen nonbaitetik lortzen duzu inspirazioa?
Gaur egun asko dago, eta Interneten mundu guztitik heltzen dira berriak eta pixka bat ikusiz zer egiten den hortik, hortik abiatuta norberak bere inpronta jartzen dio. Lan hori zu eroso sentitzen zaren tokira bideratzen duzu, eta behar duen gehikari hori ematen diozu.
Eskola edo herri batzuekin ekintzak egin dituzu, zer da zehazki eskaintzen duzuena?
Kalaka Jokuak bi lan arlo ditu. Alde batetik, Kalaka Jokuak, zerbitzu bat da plazaz plaza ibiltzeko egurrezko jolasekin; kooperatiboak, puzzleak, estrategia, hainbat egur mota, etab. Eta beste alde batetik, eskolentzako materiala. Gaur egun eskolak bor-borka daude aldaketa bat behar dutela eta nabil esperimentazio, motoriko arloan eskolentzako lan egiten. Orduan, eskaintzen dudana da, plazaz plaza eta eskolaz-eskola Kalaka Jokuak zerbitzu modura, haurrek jolas dezaten jolasekin eta euren erronka pixka bat egin. Formato handiko jolasak dira, eta gero bestetik eskolentzako materiala. Gaur egun Pikler, Montessori, Waldorf eta beste metodologia batzuetan oinarrituta, ildo honetatik egindako egurrezko materiala.
Ikusi dugu jolasak, estrukturak edota zurezko objektuak sortzen dituzula. Zer da arrakastarik handiena izaten duena?
Eskolak ari dira orain zientzia eta esperimentazio munduan sartzen, eta ikusten da danak zuzenduta doazela horretara. Eta gero, betidanik egin izan dudana, psikogeletarako estruktura motorikoak. Orduan, motorikoa eta esperimentazio guneak dira gehien egiten ditudanak. Esperimentazioan sartzen dira haretokiak, argi-mahaiak, eta esperimentazioari lotuta dauden hainbat elementu gehiago.
Etorkizunerako proiekturen bat duzu esku artean?
Ni egon naiz orain arte Kalaka Jokuekin topera, baina orain pandemia ditxoso hau dela eta, ezin izan dut ezer egin, eta hasi naiz eskolekin pixka bat serioago, eta daukat asmoa orain eskolekin gogorrago ekin pandemia bukatu arte, eta material batzuk bildu nire eskaintza propioa sortzeko. Orain, eskolei galdetzen dizkiet neurriak edo zer behar duten zehazki, baina nire neurri eta eredu propioak izatea gustatuko litzaidake, nahiz eta gero enkarguz egin leiken herriarentzat, baina zientzia eta esperimentazio barruan katalogo moduko bat egin nahi nuke. Orain hasi naiz mundu hori ikertzen.
Bestelakorik? Nabarmendu nahiko ze ukeen zerbait Felix?
Hezkuntza udaberritu nahian dabil, eta, alde batetik, zientzia eta esperimentazioa aipatu ditugu, eta bestetik, naturarekiko hurbiltasuna edo hurbiltzeko behar hori. Natura gara, eta naturatik ezin gara urrundu. Orduan, eskoletan, umeak naturara hurbildu daitezela; belarrera, lupetz artera. Natura eta hezkuntza dena izan behar da bat, natura bera da eskola bat, orduan biak lotuz gero, hortik joan beharko luke etorkizuneko hezkuntza nire ustez.