ELKARRIZKETA | "Liburuetan ikusten duguna praktikan jartzeko aukera polita eskaintzen digu ortuak", Lamuza eskolako eko-baratza ezagutu dugu
Lamuza eskolako eko-baratza ezagutu dugu Arantxa San Pedroren eskutik, bera baita ikasturte honetako arduraduna. Dagoeneko, 3 urte bete ditu baratze proiektuak eta honen egunerokotasunaz solastu da gurekin.
Noiz eta nola sortu zen baratzea izateko nahia?
Batzuen buruan ideia bazegoen, baina ideia gauzatu arte urteak pasako ziren. Baratzea gauzatu zenetik bi edo hiru urte pasako ziren.
Zergatik erabaki zenuten eskolan baratzea izatea aproposa izango zela?
Praktikan jartzeko ikusten duguna liburuetan modu politena dela uste dut. Haiek ere ikusten dute dendetan edozein produktu, baina ez dakite nondik datorren, edo nola egiten den, zenbat denbora behar duen, nolakoa den, etab. Orduan, hazia ikusten dute alde batetik, landarea, etab. Beraz, beraiek egindakoa bada, ba askoz hobeto.
Zer daukazue baratzean?
Momentu honetan egin duguna izan da erein neguko landare batzuk. Gela bakoitzak dauka bi landare mota; babak eta ilarrak, altuagoak direnak beste biak baino; berakatzak eta kipulak.
Nola antolatzen zarete baratzera joateko? Nor da baratzearen arduraduna?
Hori tutoreak erabakitzen du, noiz daukan hobeto etortzeko. Segur aski ureztatzera etorriko direla, egunero ez bada, hiru egunero edo. Segun eta natura arloan zer ari diren lantzen, etorri ahal dira nahi dutenean.
Zer erabilera ematen diozue? Hau da, baratzera joaten zaretenean zer da egiten duzuena?
Mailaka. Ez daukagu tresna handirik, ez dira behar ere ez, baina beno, tresnak ere ezagutzea, nola deitzen diren, adibidez atxurra, ureztatzeko ontzia, eta haiek ere ikusiko dute noiz behar duen lurrak ura ureztatzeko, belarrak ateratzen diren edo ez, ikusi beharko dute egunerokotasuna hor ere.
Honelako baratze batek, zer ekarpen uste duzu egin ahal diola eskolako haur bati?
Alde batetik, jaten duguna ezagutzea. Gero, praktikotasuna; ikustea nola egiten den, eta beraiek prozesuan inplikatuta egotea oso inportantea da. Pastel bat egiten dutenean, agian ez zaie ondo atera, baina haiek eginda segur aski jango dutela. Landare batzuk oso azkar hazten dira, eta hori abantaila handia da, adibidez, letxugak. Igual entsalada ez dute inoiz jan, baina etxera eramanda haien letxuga, ilusio handia egiten die eta jaten dute.
Etorkizunera begira, baratzean egiteko proiekturen bat duzue buruan?
Jarraitzea egiten ari garenarekin. Segur aski hor lan asko dagoela, edozein gauza ikasteko, adibidez, ekosistema txikiak ikasi.