Kalean egiteko proposamenak
21.05.2020
Herriko edozein toki izan daiteke jolaserako aproposa, edozein herriko kaleetan edo naturan garatzeko proposamenen zerrenda jaso dugu jarraian.
KALEAN EGITEKO PROPOSAMENAK
- Kalera atera aurretik asmatu agur berezi bat, ezingo gara musukatu ezta besarkatu ere, baina distantziara agur bereziak egin ditzakegu.
- Aztertu inguruan dauden bitxiloreak eta ea zeinek dituen hosto gehien.
- Bitxiloreekin lepokoak egin.
- Hartu 10 zuhaitz ezberdinen 10 hosto ezberdin eta asmatu zein zuhaitz diren.
- Begiak itxita zuhaitz bat ikutu eta gozatu. Zuhaitz batetik bestera dauden diferentziak sentitu, usaindu, dastatu.
- Begiak itxita, lagun batek zuhaitz bat ikutzera eramatea eta begiak irekitzean zein zuhaitz ikutu duen asmatzea.
- Harriekin uretan salto egitea.
- Soilik baldosetako marretatik ibili zaitezke, hortik kanpokoak erretzen du!
- kontatu zenbat tximeleta ikusi dituzun kalera irtetean. - Saiatu belar zati batekin txistu egiten.
- Lagunak agurtu zintzarri bat erabilita edo zuek asmatutako kode sekretu bat erabilita.
- Harriekin eta enbor zatiekin etxolak egin.
- Zuhaitzak eskalatu eta salto egin.
- Balkoian dagoen bizilagun bati abesteko proposatu.
- Hodeiak begiratu eta zeren forma hartzen duten esan.
Ideiak milaka izan daitezke, buruak eta gorputzak eskatzen dizuna egin. Azkar joan, astiro, saltoka, hanka bakarrean, txistuka, abesten, hitz egiten... Kalean tarte luzea egon edo tarte laburra. Kalean distantzia luzeak ibili edo etxe ondoan geratu. Jolastu, gozatu eta bizi! BIZITZA JOLASA DA, JOLASA BIZITZA DA!